Golf Zelaia

Uraburu Golfeko zelai honetan, badugu geure kirol gogokoenaz gozatzerik naturaz inguratutako lekuan, Nerbioiko bailarako eta Kantauriar mendikateko mendietako ikusmira ezin ederragoak eskaintzen dizkigu-eta.

Golf-zelaia ingurune zoragarrian dago kokatuta Bilbotik 20 minutura

Instalazioa Ganguren mendizerran dago kokatuta, Bizkaiko Galdakaon.

Golf-zelaia Cañellas European Golfek eraiki du. IDOM ingeniaritza-enpresak ingurumenaren gaineko eragina aztertzeko proiektua egin zuen, baita obra-zuzendaritzako, sarbideetako eta komunikazioetako proiektuak ere. Obrako zuzendaritza teknikoa, ordea, Raimundo Suárez Arauzo arkitektoak egin du.

Zelaia Txema Olazabal golf-jokalari ospetsuak diseinatu du

Txema Olazabalek golf-zelaian egin duen diseinuak inguruko orografia errespetatu duenez, zulo bakoitza desberdina da aurrekoaren aldean. Aniztasun horren ondorioz, jokalariak poltsako makila guztiak erabili beharko ditu ezinbestean. 71ko pareko 18 zulo hauetan, teetik bertatik zehatzak izaten ahalegindu beharko gara, eta fin-fin ibili beharko gara greenetan, nahikoa biltzen dutelako pilota eta mugimendu handia dutelako aldi berean.

Zelai honetan, tentu eta arreta handiz ibili beharra dago, lehen aldiz jokatzen dugunean, batez ere, eta ez dugu larregizko distantziarik bilatu behar. 4ko pareren batean, agian 3 kolpetan heldu beharko garela onartu beharko dugu.

Txema Olazabal

Golf-zelaiaren diseinugilea

Uraburu Golfeko 18 zuloak ezagutu

Zelai entretenigarria da benetan, ibilbide bakoitzean estrategia desberdina jarri beharko delako abian.

1. ZULOA | 4KO PAREA

Zuloak ezkerretara egiten du bira, laburra da eta erronka botatzen dizu, teetik greenera jaurti dezazun. Hori, ordea, ezinezkoa da zurien teetik, 140 m inguruko lehenengo kolpea laburra bezain atezua dela eta ezkerretara nahiz eskuinetara zehapen-eremuak dituela kontuan hartuta. Greenerako bigarren kolpea maldan behera doa, eta handi-handia den green estuak hainbat oztopo ditu babesle. Zulo honetan, derrigorrean babestu behar zara hasieratik amaieraraino.

2. ZULOA | 3KO PAREA

Zulo honen bereizgarritasuna lakuaren adierazgarri da. Izan ere, lakuaren gainetik hegan egin beharra dago, irteerako teeetatik greenaren planoraino, balkoia izango balitz bezala greenak lakuaren gainean hegan egiten duela kontuan hartuta.

Hiruko pare laburra da, eta, pilota greenaren plataforman geratu dadin, eman behar den kolpe zehatzaren premiak konpentsatzen du. Izan ere, inguruan dauzkan zenbait oztopok eratutako arriskuz beteta dago greena.

3. ZULOA | 4KO PAREA

Zulo honetako irteerak oso edertasun bereizgarria dauka, eta, bertan, oso zaila da 130 metroko mendiartearen gainetik hegan egitea horien teetik irtenda. Kalearen atzeko aldean kokatutako bunkerrerantz jokatzen da. Irteerako ibilbidearen alboetan, eite handiko zuhaitzak daude, eta mugetatik kanpo ezkerraldean dagoen eremua ekidin beharra dago, irteerako teetik ikusten ez dela kontuan hartuta. Sarrerako kolpean, arriskuak aiduru daude alde berean eta zuloaren atzeko aldean.

4. ZULOA | 4KO PAREA

Zulo paregabe honek zenbait oztopo dituenez, driverraren estrategia baldintzatuko dute. Kalearen ezkerraldean kokatutako bi haritzek eta eskuinaldeko hariztiak nabarmen estutzen dute jokoaren igarobidea. Greena zenbait metro gorago dagoenez, arreta berezia eduki behar dugu sarrerarako erasoa makila egokiaz egiteko, jomugaraino dagoen distantziaren balorazioa erabat aldatu daitekeelako banderaren posizioaren arabera.

5. ZULOA | 5EKO PAREA

Edertasun izugarriko bosteko pare honek eskaintzen duen ikusmiran, zenbait bunker daude driverra jaisten denean. Greenera kolpe bitan iristeko, kalearen ezkerraldean kokatutako lehenengo bunkerraren gainetik hegan egin beharra dago. Horrelako irismenik ez dutenek erdigunerantz jokatu ahal izango dute, hiru kolpetan sartzeko. Greenerako joaldiak eskuinetik jokatu beharko dira, beste aldean kokatutako oztopoak saihesteko. Oso gogoan eduki beharko da mugetatik kanpoko eremua dagoela greenaren atzeko aldean.

6. ZULOA | 3KO PAREA

Ibilbideko handicap handiena daukan zuloa da. Zulo hau jokatzean, greenaren sarreran dauden bi bunkerrak saihestu beharko dira, zuloaren eskuinalde osoan dagoen sakana ahaztu barik.

Makila hautatzean bete-betean asmatzeko, greena zer altueratan dagoen baloratu beharko dugu.

7. ZULOA | 4KO PAREA

Zulo eder honek apurka-apurka egiten du gora, eta eskuinetik ezkerrera doan malda dauka. Jokatzean, kalearen ezkerraldean mugetatik kanpo dagoen eremua ekidin beharra dago. Sarrerako kolpean, arreta berezia eduki beharko dugu ezkerraldearekin, gainerako oztopoak ahaztu gabe.

8. ZULOA | 4KO PAREA

Zuloa beherantz dago, eta, ezkerretarantz egiten duenean, kalea zaku moduan ixten duen bunker gurutzatu handia uzten du agerian. Greena ezkutuan dagoenez, luze jotzen duenarentzat honako hauxe izango da irteerako estrategia: ezkerretik jokatzea eta kaleko dog-lega moztea. Greenean sartzeko kolpean, bi bunker eta eskuineko sakana ekidin beharko ditugu.

9. ZULOA | 5KO PAREA

Bosteko pare paregabe honetan, magala dago ezkerretara; eta sakana, eskuinetara. Irtetean, ez dakigu zer egin, hau da, luze jokatu eta arriskatu edo labur utzi eta ziurtatu. Arriskua eta lortu beharreko onura proportzionalak izan behar dira, kalea ezkerreko bunkerra dagoen lekuan estutzen delako, hain zuzen ere, eta sakana dagoelako beste aldean. Bi oztopoek igarobide estua eratzen dute, eta driverraz gainditu beharra dago, greena hurrengo kolpearen irismenean egon dadin. Sarrerako kolpean, arrisku handieneko lekua eskuinetara kokatutakoa da, arrisku guztiak bertan daudelako aiduru.

10. ZULOA | 3KO PAREA

Zulo handia da, eta magal estuan zehar luzatzen da. Kalearen gainazala apurka-apurka zabaltzen da, harik eta greenera iritsi arte.

Zulo honetan, ezkerraldetik jokatu beharra dago, eskuinaldean greenaren ondoan dauden lau bunker ditugulako zain, baita alboko ur-oztopo bihurtzeko asmoz hesola gorriak dauzkan sakan handia ere.

Bigarren birako lehenengo zuloa denez, balorazio psikologikoaren eta bere luzeraren ondorioz, zulo bikain hau are zailagoa dela esan daiteke.

11. ZULOA | 5EKO PAREA

Hasteko, irteerako kolpea ematean, alboetan magalak daudela hartu behar da kontuan. Izan ere, pilotak bidelagun izango ditu malda leunean jokatzen den kaleko ardatzerantz doanean. Distantziadun jotzaileek ezkerretarantz jarri beharko dira, dog-lega laburtzeko eta eskuineko bunkerra saihesteko. Bigarren joaldia labur jokatu beharko da kaleko tarte estuan. Bestela, arriskatu eta greenerantz jokatu beharra dago, sakana ekiditeko eta ezkerraldean kokatutako hamar bunkerretako bat saihesteko.

Greenerako erasoan, kontuz ibili beharko gara mugetatik kanpoko ezkerreko eremuarekin, baita eskuinaldean dagoen sakanarekin ere.

12. ZULOA | 3KO PAREA

Hiruko pare aparta da babesleku ederraren laguntzaz. Greenerako joaldiak hiru aukera eskainiko dizkigu, eta eskuinaldea izango da arriskutsuena. Hori dela eta, lau metroko radioa daukan eta oztopoz inguratuta dagoen biribilean jokatu beharko dugu. Gainazal zabalena erdigunean dagoenez, greenaren hasieran kokatutako bunkerraren gainetik hegan egin beharra dago. Ezkerraldetik dagoen sarrera arrisku txikienekoa da, greena baino lehen bote egiteko eta bunkerraren mehatxua saihesteko aukera emango digulako.

13. ZULOA | 4KO PAREA

Zulo itsua da, teetik ez delako ikusten ez malda ez greena. Hori dela eta, ezkerretarantz jo beharko dugu, mugetatik kanpoko eremutik aldentzeko.

Greenerako erasoa egiten dugunean, arreta handiz jokatu beharko dugu. Izan ere, bandera baino lehen eta ondoren dauden oztopoak saihesteko, arreta bereziz aukeratu beharko dugu makila egokiena, eman behar dugun kolpearen errore-marjina txikia izango delako.

14. ZULOA | 4KO PAREA

Lauko pare laburrena bada ere, oso interesgarria da, greena irismenean dagoelako irteerako kolpe ona emanez gero. Hori dela eta, jokalaria arriskatu eta luze bezain zehatz jokatu beharko du, kalea baino goragoko mailan kokatuta dagoen greenera iristeko. Bertako plataforma sakanez inguratuta dagoenez, pilotari eutsi beharko zaio horiek ekiditeko. Greenaren sarreran kokatutako kalearen gainazal osoan, lau bunker dira nagusi. Haietako bat erraldoia da, gainera, eta uhartea dauka erdian. Irteera laburra bada, aipatutako arriskuek bere horretan jarraituko dute greenerako erasoan.

15. ZULOA | 3KO PAREA

Luzera ertaineko hiruko parea da, eta, eraikitzean, greena oso altu jarri dute teeen aldean. Horren ondorioz, distantziagatik beharrezkoa den baino makila handiagoaz jokatu beharra dago. Horrez gain, zuloaren ezkerralde osoan, mugetatik kanpoko eremu oso arriskutsua dago, baita bi bunkerren mehatxua ere, bata alde berean eta bestea eskuinaldean daudelako. Hori dela eta, are zailagoa da emaitza.

16. ZULOA | 4KO PAREA

Zulo ezin ederragoa da, eta irteerako kolpearen irismenean dagoen lakua dauka apaingarri. Arretaz irten beharra dagoenez, distantzia ebaluatu beharko da, uretara ez iristeko eta mugetatik kanpoko ezkerreko eremua saihesteko. Honako bi aukerak izango ditugu greenerako erasoan: labur jokatzea, oztopoak ekiditeko, edo jomuga arriskatuta jokatzea.

17. ZULOA | 4KO PAREA

Zulo honetan, badago ibilbidea laburtzerik, hasierako kolpearen irismena egokitzen badugu. Irteeran, ondo ezagutu behar dira distantziak, hegaldien luzera aldatu egiten delako dog-legean aukeratutako jomugaren arabera: zenbat eta luzeago jo, orduan eta handiagoak izango dira arriskuak, lortu beharreko onuraren aldean.

Greenean sartzeko kolpea arriskutsua da, sakana eta zenbait bunker daudelako eskuinaldean.

18. ZULOA | 5EKO PAREA

Zulo honen amaiera ezin ederragoa da benetan. Irteerako joaldian, eskuinetik laburtu beharko dugu dog-lega.

Kolpea luzea bada, badago kolpe bitan sartzeko aukerarik. Hipotesi hori, ordea, oso arriskatua da, ezkerraldean huts eginez gero, alde berean mugetatik kanpo dagoen eremura joango garelako. Aukeran, bigarren kolpea jokatzean, kalea gurutzatzen duen bidea erabili liteke erreferentzia moduan. Sarrerako kolpeaz, greenaren ezkerraldean kokatutako oztopoak saihestu beharko ditugu.

Gure zerbitzuei eta tarifei buruzko informazioa eskatu

Uraburu Golfen, golfaz gozatzeko beharrezkoak diren zerbitzu guztiak dituzu eskuragarri. Horrez gain, gure praktiketako zelaian trebatzeko eta nahi duzun materiala alokatzeko aukera ematen dizugu.

Benetako profesionalek bezala ikasi nahi duzu golfean jokatzen?

Kirol zoragarri hau ezagutu edo erraz bezain azkar jokatzen hasi nahi baduzu, gure eskolak norberaren arabera egokitutako zenbait aukera eskainiko dizkizu. Eskolako zuzendaria Eriz Rahm da, eta ibilbidean lagunduko dizu. 

Scroll to Top